fotoportada_02.jpg

Nafarroako liburutegiak

Liburutegi publikoak

Publiko zabalari zerbitzua ematen dioten funts orokorreko herri edo auzo liburutegiak dira. Gehienak Nafarroako Gobernuaren eta udalerri bakoitzeko udalen arteko hitzarmen baten bidez kudeatzen dira, baina badira titulartasun pribatuko liburutegi publiko batzuk ere, Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena daukatenak edo/eta ez daukatenak.

Hitzarmenek erakunde bakoitzaren erantzukizunak arautzen dituzte, batez ere aurrekontu-partidei eta langileen kontratazioari dagokienez, bai eta Nafarroako Liburutegi Sarearen Katalogo kolektiboan sartzeari buruzkoak ere.

Badaude, halere, hitzarmenik gabeko liburutegi publiko gutxi batzuk, udalen esku daudenak erabat (bai aurrekontuko partidetarako, bai eta langileak kontratatzeko ere). Askotan "udal liburutegiak" bezala ezagutzen dira, Nafarroako Liburutegien Sareko kide ez direla bereizteko, nahiz eta helburua kide izatea den, hitzarmen bat sinatzea eta, horrela, Nafarroako Liburutegiarekin eta espezializatutako hainbat liburutegirekin batera, Sare horretako katalogo kolektiboan agertzea.

Eskola liburutegiak

Nafarroan baldintzarik okerrenak dituztenak dira eskola liburutegiak: legez derrigorrezkoak diren arren (LOEren 113. artikulua), ikastetxe askotan ez diete toki bat ematen eta legearen kontra, liburutegirik gabeko ikastetxeak dira, beraz.

Ezin da jakin, baina, zein ikastetxek duten liburutegia eta zeintzuk ez, hezkuntza-komunitate osoarentzako baliabide zentroak izanen direnak, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ez duelako datu hori bere estatistiketan jasotzen. Jasotzen du, aldiz, zein zentrok duten ikasNOVA gela, hau da, IKTei (Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiei) eskainitako eskola liburutegiaren atala.

Egoera honetan egonik, Nafarroako eskola liburutegiek gaur egun oraindik ez dute katalogo kolektiborik, eta ez dute koordinatuta lan egiten eskola liburutegien inongo saretan, beste erkidego batzuetan gertatzen denaren kontra.

Liburutegi unibertsitarioak

Nafarroan hiru liburutegi unibertsitario daude, hainbat campusetan banatuta, ikasle, irakasle eta ikertzaileei ikasketetan zehar eta ikerkuntzarako beharrezkoak dituzten materialak eskaintzen dizkietenak (gradu eta master amaierako lanak, tesiak, ikerketa proiektuak, etab.):

Liburutegi espezializatuak

Jakintzaren arlo jakin batean espezializatutako dokumentu-funtsa dituztenak dira. Horietako batzuek hitzarmen baten bitartez Nafarroako Liburutegi Sistemaren parte dira eta haien funtsak katalogo kolektiboan kontsultatu daitezke, baina gehienak ez dira Sare horren parte.